Indar aurrerakoien borroka Latinoamerikan

Asier Blas Mendoza

Latinoamerikako bataila gogorra izaten ari da. Inflexio puntua, Lula da Silvak azaldu bezala, 2009an gertatu zen Barack Obamak kargua hartu zuen unean: “Brasilekiko harremanetan George W. Bush eta Condoleezza Rice askoz ere demokratagoak izan ziren Obama eta Hillary Clinton baino”. Obamak, 2009ko ekainaren 28an, kargua hartu eta sei hilabetetara, Hondurasko estatu kolpe militarra babestu zuen. Ondoren, hainbat herrialdetan esku-hartze edota desegonkortze estrategia anizkoitzak jarri ziren martxan Amerikako Estatu Batuetako (AEB) aliatuak diren tokiko oligarkiak laguntzeko.

Estatu kolpeak ez dira desagertu, teknika desberdinekin eraldatu eta mozorrotu baino ez dira egin: Mendebaldeko kapitala duten hedabideek eta tokiko oligarkiek kontrolatzen dituzten oligopolio mediatikoek intoxikazioa informatiboa zabaltzen dute; AEBek zigor ekonomikoak jartzen dituzte edota tokiko oligarkiarekin ekonomia boikoteatzeko estrategiak garatzen dituzte; eta aldi berean, atzerritar diruak gizarte mugimenduak eta Gobernuz Kanpoko Erakundeak finantzatu, kooptatu eta bertako langileak trebatu egiten dituzte gobernuaren kontrako borroka eta matxinada bultzatzeko.

Latinoamerikan gertatzen diren matxinada eta “iraultza” saiakera guztiak eskumakoak dira. “Gizarte zibila”-k bultzatzen dituen sasi-iraultza guzti horiek enpresariek, bankariek, lur-jabe handiek, eskuineko politikariek eta AEBetako gobernuek babesten dituzte. Adibide paradigmatikoak dira 2008ko Bolivia, 2013tik Venezuela eta 2018ko Nikaragua. Bakoitzak bere ezaugarri propioekin, baina inoiz ez da eskatzen estatuaren baliabide finantzarioak herriaren zerbitzura jartzea, gastu soziala handitzea edota lur-jabe handien lurrak desjabetzea nekazari pobreen artean banatzeko.

Bitartean, 2009an Ekuadorren estatu kolpe saiakera egon zen eta 2012an estatu kolpe instituzionala gauzatu zen Paraguain. 2016an Dilma Rousseffen kontrako estatu kolpe instituzionala eman zen Brasilen. Hamarkada asko dira Latinoamerikako estatu aparatuak oligarkien esku daudela. Lehenengo hedabideek ezkerreko politikariak kriminalizatzen dituzte eta ondoren horien aurkako prozesu judizialak jartzen dituzte martxan. Begi-puntuan dituzte hauteskundeak irabazi ditzaketen liderrak. Rousseffen kontrako estatu kolpea hankamotz geratuko litzateke Lula hauteskundeetara aurkeztuko balitz, horregatik bere kontrako prozedimendu judiziala. Antzekoa da Rafael Correaren aurkako jazarpen judizialaren motiboa.

Lidergoen garrantzia handia da Latinoamerikan. Mendebaldeko herrialdeetan sistema demokratikoak oso instituzionalizatuta eta teknokratizatuta daude, horri esker, gobernurik gabe edo lider kaskarrekin sistema gai da funtzionatzeko Belgikak edota Italiak urteetan erakutsi duten bezala. Correak dioen moduan, erakundeak geroz eta indartsuagoak izan, orduan eta garrantzia txikiagoa du lidergoak, eta alderantziz. Latinoamerikan ahultasun instituzional handia dago, horregatik, lidergo indartsu batek erakundetze ahula ordezkatu eta benetako instituzionalizazio prozesuak eraikitzeko balio dezake. Lana ez da nolanahikoa. Ekonomian munduko kontinente desparekatuena da. Botere ekonomikoa, mediatikoa eta politikoa AEBen zerbitzura dauden elite gutxi batzuetan kontzentratuta dago eta horren aurrean, justizia soziala bultzatzeko politika egiteak eta instituzionalizazioa eraikitzea polarizatu egiten du.

Erronka horiei aurre egin beharko die Andrés Manuel López Obradorrek Mexikon. Gai bada politika aurrerakoiak martxan jarri eta instituzionalizazioa bultzatzeko, nahiz eta era moderatuan egin, polarizatu egingo du eta horren aurrean oligarkek gerra ekonomikoaren, sikarioen (Kolonbian bezala) eta sasi-iraultzen bidea hartu ohi dute. Gogorra izango da borroka.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *