Apiriletik hasita Nikaragua atzerriko inteligentzia agentziek sustaturiko herrialdea ezegonkortzeko erasoaldi bat jasaten ari da, konfrontazio bortitz eta odol isurketa eraginez. Egoera honen aurrean, Euskal Herrian ezin ginen gehiago isilik egon.
Nikaraguan gertatzen ari dena Fronte Sandinistaren Gobernuaren eta haren presidente den Daniel Ortegaren kontrakoa ezkutuko estatu kolpe saiakera bat dela salatu nahi dugu, zeinek 2016ko hauteskundeak irabazi zituen bozen %61,3-arekin, %72,44 diputatu lortuz.
Nikaraguako Gizarte Segurantzako Institutuaren (NGSI) inguruan hartutako neurri bat erabili da aitzaki moduan, Hain zuzen ere, gobernuaren neurriek goi klasean eragina izan dutenean hasi da zirko mediatiko eta politikoa. Ez ziren erretiratuak izan istilu bortitzak hasi zituztenak,hauek aipatutako neurriaren kontra protestatzen hasi baziren ere, unibertsitate pribatuetako ikasleak baizik. Sindikatuek ez zuten greba deialdia egin, patronalak baizik.
Kolpismoari aurpegia garbitzeko eta Fronte Sandinista kriminalizatzeko sortutako muntai mediatikoa salatzen dugu ere, prentsa elementu ezegonkortzaile hauen bozgorailua bihurtu delarik. Venezuelan ezaguna zaigun estrategia, hau da, gobernua botatzeko koordinazio politiko eta mediatikoa, errepikatzen ari da Nikaraguan. Berri eta informazio faltsuak zabaltzen dituzte, eta aldi berean kolpisten krimenak eta militante sandinisten aurkako jazarpena ezkutatzen dute, azken hauetako asko jada modu basatian erailak izan direlarik.
Aipatutako guztiagatik honakoa eskatzen dugu:
- Nikaraguan bortizkeria eta “tranqueak” amaitzea. Premiazkoa da Nikaragua paralizatzen duten banda organizatuak geldiaraztea, bandera faltsuko operazioa aurrera daramatenak eta sandinismoa jazartzen dutenak.
- Nikaraguako arazoak Nazio Elkarrizketa bidez konpondu behar dira, bakea eta adiskidetzeari bidea izanik.
- Kanpoko esku-hartzea errefusatzen dugu, Nikaraguako kasua inperialismoak bere posizioa berreskuratzeko darabilen beste kasuetako bat dela ulertuz, Latinoamerikako herrialde progresistak neutralizatzeko.
Euskal Herria, 2018ko Ekainaren 27a
GORA NIKARAGUA ASKEA!
EZ DIRA PASAKO!